Donostia Piztera goaz, Mozal Hiriaren aurka

ENEKO GOIA ALKATE DEN DONOSTIAN, AZKEN BI URTEOTAN, LAN POLITIKO ZEIN SOZIALA EGITEAGATIK 289 ISUN JARRI DITU UDALAK.

Xeheago esateko, Mozal Legearen 36.6 artikulua ez betetzeagatik, hau da, “Agintzaritzari bere eginkizunak gauzatzen ari denean desobeditzea edo jarkitzeagatik”, 88 isun jarri dituzte. Eta, bestetik, Mozal Legearen 37.4 artikulua ez betetzeagatik, hau da, “Bere eginkizunetan ari den agintaritzako agente bati errespetua galtzeagatik”, beste  201 isun jarri dira, beti ere datu ofizialen arabera.

HIRU EGUNERO EKINTZAILE EDOTA ERAGILE SOZIAL BAT  ISUNEZ ZIGORTU DUTE.

Donostian azken bi urteotan ekintzaile zein eragile sozialen aurkako errepresioa gogortu egin da gainera. 2018an 130 isun jarri zituzten eta 155 isun 2019an. Urtebetean %17ko igoera.

Errepresio politiko hau bideratzeko Lege markoa bikoitza da Donostian. Batetik, Espainiako Estatu mailako MOZAL LEGEA eta, bestetik, Donostiako Udaleko MOZAL ORDENANTZA. Eta bi Lege marko  hauek aplikatzeko bi polizia ditugu Donostian: Ertzaintza eta Udaltzaingoa.

DONOSTIAN MOZAL LEGEAK ETA MOZAL ORDENANTZAK HELBURU BERA DUTE, KRITIKA SOZIALA ERAGOZTEA. ERTZAINTZA ETA UDALTZAINGOA DONOSTIAKO POLIZIA POLITIKOAK DIRA.

Beste isun asko Udaltzaingoak pankartak edota kartelak jartzeagatik ezarri dira. Hiria publizitate erraldoiz bete diguten hauek diote pankarta edo kartel edo pegatina bat kalean jartzeagatik 400 euroko isunak jarriko dizkigutela. Onartezina da.

Piztu Donostia kanpainarekin bat egiten dugunok argi ikusten dugu DONOSTIAN OINARRIZKO ESKUBIDE DEMOKRATIKOAK MURRIZTEN ARI DIRELA.

Hori guztia kontuan izanik,

Donostiako eragile sozial, sindikal eta politiko ezberdinetan gabiltzan ekintzaile sozialok, elkartu eta “PIZTU DONOSTIA  soziala, zibila eta politikoa KANPAINA abiatzea erabaki dugu, guztion arteko elkarlana izango baita ADIERAZPEN ASKATASUNA, BILTZEKO ASKATASUNA edota MOBILIZATZEKO ASKATASUNA polizia ezberdinek errespeta dezaten lortzeko bide bakarra.

Horretarako jarri dugu martxan datorren otsailaren erdi arte luzatuko den “PIZTU DONOSTIA, mozal hiriari EZ” kanpaina. Helburu bikoitza du. Batetik, egungo egoera tamalgarriaren berri ematea eta herritarrak aktibatzea eta, bestetik, gure eskubide sozial, zibil eta politikoen bermea lortzea helburu duten hiru egitura Donostian martxan jartzea: Isunen Protokoloa, Eskubideen Behatokia eta Erresistentzia Kutxa.

1.- Donostiako ISUNEN PROTOKOLOA

Greba Orokorraren prestaketan, garapenean eta etorkizunean Donostian isuna jasotzen duen pertsona edota eragile orok nola jokatu behar duen zehaztuko du Protokoloak: isuna jasotzerakoan zer egin, nola jokatu, non koordinatu… Ondorengo asteetan eragile guztiei Protokolo horren garrantzia azaltzea eta bete behar den FITXA eskuragarri jartzea izango da gure lana.

Bide horretatik, Donostian zigortuen sarea osatuko dugu. Isunen Protokoloa betetzeko konpromisoa eskatuko zaie eragile guztiei. Jasotzen ditugun FITXA guztiak Donostiako Eskubideen Behatokira bidaliko ditugu, honek isunaren ezaugarriak eta ondoren sortuko den egoera azter ditzan.

2.- Donostiako ESKUBIDEEN BEHATOKIA

Etorkizunean Donostian Ertzaintza, Udaltzaingoa edota beste edozein segurtasun indarren aldetik emango den eskubide sozial, zibil eta politikoen aurkako erasoen kontrola eta jarraipena egingo duen taldea da Eskubideen Behatokia. Abokatu eta laguntzaileez osaturiko ekipo honek jasoko ditu Isunen Protokoloan beteko diren fitxak.

Bera izango da isun edota zigor bakoitzaren ezaugarriak aztertuko dituena. Fitxa horiekin osatuko du Donostian burutzen diren erasoen Datu Basea eta zigortua izan den herritarrari defentsa politikoa eta juridikoa lantzeko bidea proposatuko dio. Bere lehen lana Greba Orokorraren prestaketan eta garapenean emango diren eskubide sozial, zibil eta politikoen kontrako erasoen kontrola eta balantzea egitea izango da. Eskubideen Behatokia izango da, isunaren ezaugarriak aztertu ondoren,  FITXA Erresistentzia Kutxararen esku uztea ala atzera botatzea erabakiko duena.

 3.- Donostiako ERRESISTENTZIA KUTXA

Etorkizunean Donostian lan soziala, zibila edota politikoa garatzeagatik polizia ezberdinen aldetik jasandako jazarpena ondoren ezarriko diren zigorrak ordaintzen laguntzeko osatuko du Erresistentzia Kutxa PIZTU DONOSTIA PLATAFORMAk. Helburua ez da isuna jaso dutenei, besterik gabe, dirua eman eta kitto, baizik eta jasotzen diren isunak ordaintzen laguntzea, beharrezkoa denean dirua aurreratuz eta aurreratutako dirua ahal den neurrian berreskuratzeko kanpainak proposatuz. Isunen Protokoloa bete ondoren eta Eskubideen Behatokiaren oniritzia jasotzen duten isunak ordaintzeko erabili ahal izango da Erresistentzia Kutxako dirua eta baita lan hau bideratzeko garatuko diren kanpaina ezberdinak finantzatzeko ere. Erresistentzia Kutxa osatzeko diru bilketa ezberdinak bideratuko dira.

4.- GREBA OROKORRARI DAGOKIONEZ:

Hemen gauden guztiok bat egiten dugu urtarrilaren 30erako deituta dagoen greba orokorrarekin, demokraziaren eta eskubideen alde. Kanpaina hau da gure ekarpena greba orokorrari eta antolatuko diren ekimen guztietan parte hartzera dei egiten diegu herritar guztiei.

Grebarekin ados egon, baina egun horretan bat egin ezin duten langileei dei egiten diegu EGUN BATEKO SOLDATA ahal duten heinean PIZTU DONOSTIAk osatutako Erresistentzia Kutxara bideratuz dezaten. Hori egin ahal izateko informazio guztia banatuko zaie.

5.- MOBILIZAZIOAK deitzen ditugu:

  • Urtarrilaren 13tik 20ra, eragile social guztiei dei egiten diegu ADIERAZPEN ASKATASUNAREN astea burutzera. Ez gaitzaten kikildu, jar ditzagun kartel, pankarta eta nahi adina adierazpide kaleetan.
  • Urtarrilaren 25ean, mobilizazioa Pio XIItik Udaltzaingoaren biribilgunera, salatzeko Donostiako Udaltzaingoa jokatzen ari den papera isunen kontu honetan.
  • Otsailaren 1ean, greba orokorraren ondorengo balantze errepresiboa egingo dugu Antiguako Ertzaintzaren komisaldegi aurrean.
  • Otsailaren 15ean mobilizazioa Donostiako udaletxetik Egiako epaitegira, Mozal Legea eta Mozal Ordenantza bertan behera uzteko eskatuz.

PIZTU DONOSTIA, Mozal Hiriari EZ!

2020ko urtarrilaren 4an

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude