PIZTU DONOSTIA! kanpainaren aurkezpena

“MOZAL HIRIARI EZ!”

Trinitate Plazan eginiko agerraldian sortu berria den PIZTU DONOSTIA kanpaina aurkezteko herri mugimendu ugaritako kideek azaldu dutenez, “Donostian azken bi urteotan lan soziala, sindikala eta politikoa bideratzeagatik polizia ezberdinekin sortu diren tira biratan, 289 isun jarri dira, beste hainbat herritar zigortuz. Gainera, azken bi urteotako datu hauek aztertuta, argi ikus daiteke Donostian ekintzaile zein eragile sozialen aurkako errepresioa gogortu egin dela, 2018an 130 isun zirenak, 155 bihurtu baitira 2019an”. Hau da, errepresioak Donostian %17ko igoera izan duela azpimarratu dute ekintzaile sozialek.

Prentsaurrekoan datu hauek gizarteratzeaz gain, herri mugimendu eta sindikatu ugarik elkarrekin hartutako hainbat neurri jakinaraziko ditugu.

ELEAK-Libre dinamikak eskainitako datuen arabera, Donostiako Udaleko Segurtasun zinegotzia den Martin Ibabek aitortu du Eneko Goiak zuzentzen duen Donostian 289 isun jarri dira azken bi urteetan “Mozal Legearen 36.6 artikulua ez betetzeagatik, hau da, “Agintzaritzari bere eginkizunak gauzatzen ari denean desobeditzea edo jarkitzeagatik”, 88 isun jarri dira. Eta, bestetik, bi urte horietan Mozal Legearen 37.4 artikulua ez betetzeagatik, hau da, “Bere eginkizunetan ari den agintaritzako agente bati errespetua galtzeagatik”, beste 201 isun jarri dira.

PIZTU DONOSTIA kanpainarekin salatu nahi dute “herritarren eta ekintzaile sozialen oinarrizko eskubideak zapuzteko edota mugatzeko Donostian erabili den Lege markoa bikoitza da, batetik, Estatu mailako Segurtasun Legea, hau da, MOZAL LEGEA eta, bestetik, Donostiako Udaleko Gizabidea Ordenantza, hau da, MOZAL ORDENANTZA”. Eta bi Lege marko hauek aplikatzeko, Donostian bi polizia daudela gehitu du Plataformak, Ertzaintza eta Udaltzaingoa. Beraien esanetan, “Donostian kritika soziala, sindikala ala politikoa oztopatzeko polizia politikoaren lana bideratzen dute Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bere agintari politikoen irizpideak jarraituz”.

Azkenik, Plataforma berriak azaldu duenez, oraingoz kopurua ofizialki zehaztu ez badute ere, “bi urteotan beste isun asko jarri ditu Donostian Udaltzaingoak pankartak edota kartelak jartzeagatik”, Donostiako Gizabidea Ordenantzaren 41 eta 42. Artikuluak pankarta eta kartel politikoak jartzea debekatzen baitu.

Hori guztia kontuan izanik, “Donostiako eragile sozial, sindikal eta politiko ezberdinetan gabiltzan ekintzaile sozialok, Donostian indartzen ari den oinarrizko eskubide demokratikoen murrizketa honen aurrean, elkartu eta “PIZTU DONOSTIA soziala, zibila eta politikoa KANPAINA” abiatzea erabaki dugu, guztion arteko elkarlana izango baita ADIERAZPEN ASKATASUNA, BILTZEKO ASKATASUNA edota MOBILIZATZEKO ASKATASUNA polizia ezberdinek errespeta dezaten lortzeko bide bakarra”, azaldu dute.

“Horretarako jarri dugu martxan datorren otsailaren erdi arte luzatuko den “PIZTU DONOSTIA, mozal hiriari EZ” kanpaina. Helburu bikoitza du. Batetik, egungo egoera tamalgarriaren berri ematea eta herritarrak aktibatzea eta, bestetik, gure eskubide sozial, zibil eta politikoen bermea lortzea helburu duten hiru egitura Donostian martxan jartzea: Isunen Protokoloa, Eskubideen Behatokia eta Erresistentzia Kutxa” azaldu dutenez.

Donostiako ISUNEN PROTOKOLOA

“Isunen Protokoloaren helburua, lan soziala, sindikala ala politikoa bideratzeagatik etorkizunean Donostian isuna jasotzen duten pertsonek ala eragileek nola jokatu behar duten zehaztea da: isuna jasotzerakoan zer egin, nola jokatu, non koordinatu… azalduko du” argitu dute Plataformako kideek. Greba Orokorra dela eta, ondorengo asteetan eragile guztiei Protokolo horren garrantzia azaltzea eta bete behar den FITXA eskuragarri jartzea izango da Plataformaren lana. Bide horretatik, Donostian zigortuen sarea osatuko dutela adierazi dute. Isunen Protokoloa betetzeko konpromisoa eskatuko zaie eragile guztiei eta jasotzen dituzten FITXA guztiak PIZTU DONOSTIA PLATAFORMAk bideratuko duen Donostiako Eskubideen Behatokira bidaliko dituzte, honek isunaren ezaugarriak aztertu ditzan eta sortuko den egoeraren aurrean nola jokatu azter dezan.

Donostiako ESKUBIDEEN BEHATOKIA

Plataformako kideek azaldu dutenez, “etorkizunean Donostian Ertzaintza, Udaltzaingoa edota beste edozein segurtasun indarren aldetik emango den eskubide sozial, zibil eta politikoen aurkako erasoen kontrola eta jarraipena egingo duen taldea da Eskubideen Behatokia”. Abokatu eta laguntzaileez osaturiko ekipo honek jasoko ditu Isunen Protokoloan beteko diren fitxak. Bera izango da isun edota zigor bakoitzaren ezaugarriak aztertuko dituena. “Fitxa horiekin osatuko da Donostian burutzen diren erasoen Datu Basea eta zigortua izan den herritarrari defentsa politikoa eta juridikoa lantzeko bidea proposatuko du Eskubideen Behatokiak”. Bere lehen lana Greba Orokorraren prestaketan eta garapenean emango diren eskubide sozial, zibil eta politikoen kontrako erasoen kontrola eta balantzea egitea izango dela azpimarratu dute. Bukatzeko, “PIZTU DONOSTIA PLATAFORMAren Eskubideen Behatokia izango da, isunaren ezaugarriak aztertu eta gero, FITXA Erresistentzia Kutxararen esku uztea ala ez erabakiko duena” jakinarazi dutenez.

Donostiako ERRESISTENTZIA KUTXA

Amaitzeko, “etorkizunean Donostian lan soziala, zibila edota politikoa garatzeagatik polizia ezberdinen aldetik jasandako jazarpena ondoren ezarriko diren zigorrak ordaintzen laguntzeko osatuko du Erresistentzia Kutxa PIZTU DONOSTIA PLATAFORMAk” esaten dute ekintzaile sozialek. “Helburua ez da isuna jaso dutenei, besterik gabe, dirua ematea, baizik eta jasotzen diren isunak ordaintzen laguntzea, beharrezkoa denean dirua aurreratuz eta aurreratutako dirua ahal den neurrian berreskuratzeko kanpainak proposatuz”. Isunen Protokoloak jaso ondoren eta Eskubideen Behatokiaren oniritzia jasotzen eta gero, “isunak ordaintzeko erabiliko da Erresistentzia Kutxako dirua eta baita lan hau bideratzeko garatuko diren kanpaina ezberdinak finantzatzeko ere”, azaldu dutenez. Erresistentzia Kutxa osatzeko diru bilketa ezberdinak bideratuko dituzte. Baina “ohikoez gain, Greba Orokorrean mila arrazoi direla medio lana uzteko aukerarik izango ez duten langileei dei egingo diegu EGUN BATEKO SOLDATA, ahal duten heinean, PIZTU DONOSTIA PLATAFORMAk osatutako Erresistentzia Kutxara bideratu dezaten” esan dute, hori egin ahal izateko informazio guztia banatuko zaiela ziurtatuz.

PIZTU DONOSTIA, mozal hiriari EZ!

PIZTU DONOSTIA soziala, zibila eta politikoa PLATAFORMA

2020ko urtarrilaren 4an

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude