Eskubide sozial eta politikoen alde, militarrik ez!

ESKUBIDE SOZIAL, ZIBIL ETA POLITIKOEN ALDE,
MILITARRIK EZ! EZ HEMEN EZ INON!

Euskal Errepublikaren alde EHUN mugimenduak Donostiako Loiolako kuartel militarraren aurrean antolatu duen salaketa egunaren aurrean, honakoa da Eskubide Sozial, Zibil eta Politikoen defentsan diharduen PIZTU DONOSTIA plataformaren adierazpena.

MILITARRAK ESKUBIDE SOZIAL, ZIBIL ETA POLITIKOEN AURKAKO AZKEN LUBAKIA DIRA

Euskal jendarteak erreferendumean ukatu zuen 1978ko Espainiar Konstituzioak indar militarrei euskaldunon eskubide sozial, zibil eta politikoen ukapena bermatzeko betekizuna ematen die.

Batetik, bere 8. artikuluan autodeterminazio eskubidea ukatzeko bete behar konstituzionala ematen dio. «Las Fuerzas Armadas, constituidas por el Ejército de Tierra, la Armada y el Ejército del Aire, tienen como misión garantizar la soberanía e independencia de España, defender su integridad territorial y el ordenamiento constitucional». Beste hitzetan esanda, euskaldunon eskubide sozial, zibil eta politikoak ukatzen dizkion marko legal nagusiaren defentsaren azken lubakia dira militarrak. Inoiz euskal jendarteak bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko autodeterminazio eskubidearen bidea hartuko balu, militarrak izango lirateke prozesu sozial, zibil eta politiko horri ateak itxiko betekizuna duten azken indarrak, horretarako biolentzia erabili behar badute ere.

Bestetik, 3. artikuluan, hizkuntza eskubideen alorrean, gaztelania euskaldun guztioi inposatzen digu. «El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla». Horrela dio militarrek defenditu behar duten karta magnak.

Azkenik, 7. artikuluan, eskubide ekonomikoaren inguruan, sistema ekonomiko eta gobernantza kapitalista finkatzen ditu. «Los sindicatos de trabajadores y las asociaciones empresariales contribuyen a la defensa y promoción de los intereses económicos y sociales que les son propios. Su creación y el ejercicio de su actividad son libres dentro del respeto a la Constitución y a la ley. Su estructura interna y funcionamiento deberán ser democráticos». Hau da, Estatu espainolean agintari ekonomiko handien interesen kontrako edonolako eraldaketari ateak ixtea dagokie militarrei.

Horrezaz gain, jakina da industria militarrak munduko negozio handi eta zikinetako bat dela. Ez dugu ahaztu behar, han egiten den gerra, hemen hasten dela beti. Mandatariak eta armak hemengoak dira, hildakoak eta miseria pairatzen dutenak, hangoak. Izan ere, inperialismorako tresna nagusia ere militarrak baitira. Gastu militarra behar sozialetara bideratzea beharrekoa da.

Nahikoa ez balitz, behin eta berriz azpimarratu da militarismoaren baloreak, besteak beste, matxismoak, arrazakeriak, supremazismoak… zer ikusi zuzena dutela eskuin muturraren edota mugimendu faxisten eta populisten indartzearekin.

Arrazoi hauengatik guztiengatik Loiolako Kuartelak itxi ondoren, militarrik ez hemen eta ez inon ez ditugula nahi esan nahi dugu ozenki, beraien eginkizun nagusia herritarron eskubide sozial, zibil eta politikoak zapuztea baita. Udalak Loiolako kuartel berria eraikitzeko baimena ematea, militarren presentzia Donostian betirakotzen laguntzea da. Ez da hori donostiar gehienon borondatea.

Dudela hamarkada batzuk, intsumisioaren aldeko mugimenduak erakutsi zigun militarrei eta jendarte militaristari aurre egiteko forma desobedientzia eta intsumisioarena dela. Garai hartako gazte ero haiei esker derrigorrezko soldaduzka pikutara joan zen. Orain, ejerzitoak deuseztatuak izan daitezen borrokatzea dagokigu guri, oraingoa ere desobedientzia eta intsumisioa landuz.

MILITARRIK EZ!
EZ DONOSTIAN, EZ INON

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *